XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Balada honen bost aldaera, nafarrak denak, ezagutzen ditugu; gai hau apartekoa da, zeren eta, herri kanta ez izanez gero, zaila bait da euskalki bakar batean dagoen gai bat aurkitzea; oraingo honetan gertatzen den bezala.

Dena den, eta inkesta berriek kontrakoa erakusten ez duten bitartean, Amoros baztertua Goi Nafarroan aurkitzen da soilik.

Azkuek bi aldaera aurkitu zituen, bata Olazagutian (CPV 837. zb. eta EY IV.ean 192. orr.), eta bestea Urdiainen (CPV 885. zb.); Satrustegik beste hiru argitaratu zituen FLVn (I,3,1969), Urdiaingoak hauek ere.

Ahozko tradizioaren ikerketarako interesgarria da azken hauetako baten kantariak Azkueren berriemaile izandako urdiaindar Maria Ondarrarengandik, ikasi zuela konstatatzea.

Bere artikuluan Satrustegik Urdiaingo beste berriemaile batek emandako ahapaldi berri bat duen aldaera faktizio bat jartzen du, jatorrizko balada berreskuratzeko asmoz.

Kanta honetan amoranteak ezagutzen ez dugun prozesu baten amaiera kontatzen digu, lehenengo gramatika pertsonaz: antza denez, bere bihotzekoak maite ez duen gizon batekin ezkondu behar izan du, eta eztaietan beren sekulako urrundu beharraz penatzen dira biak.

Satrustegiren ustez, azken lerroak, hasiera batean aski enigmatikoak, protagonistak bi maitaleen elkarren arteko begirada tristeetaz ohartu den estudiante bati zuzentzen dion ekina erakusten du Satrustegik berak komentatu duenez, balada honek maiz erabiltzen du X/X eta Y formula ezaguna (ikus Baladaren Hizkuntza).